Etxeko sukaldean lehen urratsak emandako proiektua da Zituene.

Urte pare bateko esperientziaren ostean, eta beti inguruko eragile agroekologikoekin elkarlanean, Orereta erdialdean sortu genuen proiektuaren txokoa 2018. urtean.

Gure obradore txikian zereal ezberdinekin egindako pasta artisau eta ekologikoa ekoizten dugu, eta atxikita duen dendan salmenta zuzena da nagusi, bertako sukaldean mimo handiz egindako lasagna eta saltsekin batera.

Ekonomia sozial eta eraldatzailean sinisten dugularik, benetako alternatiba izan nahi dugu bizitza itotzen duten egungo ereduen aurrean. Gertuko harreman horizontal eta parekideak eraikitzea, eta lurra eta pertsonekiko errespetutik abiatuz kalitatezko produktuak eskaintzea ditugu helburu.

Naiara Retegi Lekuona eta Iker Eizagirre Gallardo gara abentura honen protagonistak; ekintzaile nekaezinak, borrokalariak eta etengabeko ikasleak. #AmetsakBetiHandi kanpaina hasi genuenetik, bidea ez da batere erreza izan, hala ere luzea izatea da gure desira.

Txaramelako lagunak beti izan dira guretzat eredu eta hainbatetan eskaini digute laguntza bide honetan. Hasierako urteetan ere, Massi bera ere irakasle eduki genuen; mila esker denei sekretuak giltzapean ez gordetzeagatik!

Gure inguruko lagun eta senideak ere ezin ahaztu! Lokala egokitzeko lanetan beti ondoan izan genituen, lanik desatseginenak egiteko beti prest! Baina lan fisikoa ez denez dena, gure eskertza animoak kiloka eman zizkiguten guziei ere!

Proiektuaren finantziazioa ere prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina gure sareak gogotsu erantzun zuen, eta Koop57 erakundeari eskatuko diru kopurua baino gehiago abalatzea lortu genuen 111 lagunek beren borondatez eskainitako babesari esker.

Gaur egun lanean jarraitzen dugu gure bezero eta hornitzaileak gure irizpide eta helburuen konplize izan daitezen, eta horrek etengabeko bilaketan eta lanketan murgiltzen jarraitzen gaitu. Borrokak ez du etenik, eta gure motibazioak ere ez!