Obradorea

Gure obradore txikian, zereal eta lehengai ezberdinekin egindako pasta ekoizten dugu; forma eta zaporeetan oparoa.

Lehengaiak zaintzen ditugu, hauek baitira gure produktuen kalitatea bermatzen dutenak; guztiak dira gertukoak eta nekazaritza ekologikoan ekoitziak.

Gure pastak, brontzezko trefileekin ekoizten direnez, testura berezia lortzen dute, saltsa guziekin ongi geratzen delarik. Porositate handiko pasta da, eta horren ondorioz saltsen zaporeak ongi bereganatzen ditu.

Pasta freskoa gure kuttuna bada ere, lehorra ere errespetuz lantzen dugu. Deshidratazio prozesua ahalik eta naturalena egiten saiatzen gara, lehortze motela bermatzen dugularik. Bataz beste 12 ordu behar izaten da eta inoiz ez da 40ºC-tik pasatzen.

Urteei eta eginari esker, ekoizpen artisaua egiten dugu, gure zentzumenetan eta esperientzian konfiantza osoa jartzen dugularik. Etengabeko ikasketa eta hobekuntza dira gure helburuak; eta ez daitezela erronkak falta!

Gure ekoizpena, kopuruan baino gehiago, aniztasunean oinarritzen da. Baditugu pasta xuriak edota integralak… motzak edo ezpainak borobildu eta zurrupatzeko luzeak. Garizkoak, zekale edota espeltazkoak. Astean bertan jateko pasta freskoa naiz bazpare edukitzeko pastalehorra… Ontziratua edo granelean… Bisita gaitzazu gure dendan eta utziguzu gomendatzen!